Zer da kode poesia?

Kode-poesia programazio lengoaiak erabilita idazten den olerki mota bat da. Kode-poesiaren helburu nagusia idatzitako kodearekin olerki bat osatzea da, aukeratutako programazio lengoaian. Programatzearen helburu nagusia funtzionatzen duen produktu bat (mugikorrerako aplikazioa, webgunea, etab.) garatzea izan arren, kode-poesian horrek ez du (hainbesteko) garrantziarik. Sortutako olerkia, olerkia izateaz gain, funtzionatzen duen programa bat izan daiteke, baina ez da beharrezkoa. Olerkiak duen muga bakarra aukeratutako programazio lengoaiaren sintaxia da, lengoaia bakoitzak bere berezitasunak dituelako: formatu arauak, funtzio berezidun hitzak, etab.

 

Osagai guzti horiek hartuta olerkiak osatzen dira eta, gainontzeko olerki generoetan bezala, edozein gairen ingurukoak izan daitezke! Programazio lengoaiek erabiltzen dituzten hitz gakoak normalean ingelesetik mailegatzen direnez, orain arte egin diren kode-poesiak ingelesez idatzi dira gehienbat. Hala ere, edozein hizkuntzatan idatzi daitezke, euskaraz ere bai. Horretarako sortu da kode-poesia laborategia, guztion artean lehen urratsak eman eta euskarazko kode-poesia sortzen hasteko!

Nola parte hartu

Olerkiak pauta batzuk jarraitu beharko lituzke:

  • Programazio lengoaian idatzia: edozein programazio lengoiatan idatzita egon daiteke, baita sasikodean ere.
  • Baliozko kodea: olerkiak aukeratutako programazio lengoaiaren sintaxia errespetatu behar du, errorerik eman gabe.
  • Olerki librea: olerkiaren gaia, luzera eta forma zure erabakia dira.

 

Nahi bezain beste kode-poesia bidali ditzakezu, ez dago mugarik. Zure irudimenean murgildu eta ea ikusitakoa kode-poesia bidez nola adierazten duzun. Kontutan izan, erronka honetan ez dago bide zuzen edo okerrik, helburua esperimentazio horretan ondo pasatzea da eta.

 

Jasotako ekarpen guztiak argitaratuko ditugu kode-poesia laborategian, eta ekarpen interesgarrienekin liburuxka digital bat osatuko dugu. Liburuxka digital hori sarean eskuragarri jarriko dugu, e-book eta bestelako gailuetan gozatu ahal izateko.